Ahal dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioak Bilbora kalteberatasun-egoeran iristen diren pertsonen harrera eta gizarteratzea berma dadila eskatuko du hilabete honetako osoko bilkuran. Udal-talde honentzat ezinbestekoa da udal-politika publiko bat lantzea erakunde guztiekin koordinatuta, eta horrekin batera, gizarteratzeko baliabideak eskuratzeko eskakizunak malgutzea edo erakundearteko jarraipen-batzorde iraunkor bat sortzea, batzorde horretan gizarte-erakundeek parte hartuko dutelarik.
UdalBerri – Bilbao en Común koalizioko zinegotzi Amaia Arenalek salatu du Erakunde Publikoek ez dutela ez protokolo eraginkorrik, ez behar adinako baliabiderik gurean geratzeko edo beste norabait migratzen jarraitzeko asmoarekin gure hirietara iristen diren migratzaileei arreta integral bat emateko. “Pertsona horiek Euskadira iristearekin batera argi geratu da erakundeen arteko koordinazio-arazo bat dagoela, eta indarreko harrera-sistema ez dela nahikoa. Beste behin ere herritarrek eman dute etsenplua erakundeen gabeziak estaliz eta ahalegin handia eginez gure hirira iristen den jende hori artatzeko, lan hori erakundeei badagokie ere”.
UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak azpimarratu nahi du egoera konplexu eta estruktural baten aurrean gaudela, eta ez gertaera ohiz kanpoko edo igarokor baten aurrean, eta horregatik udal-taldeak Bilboko Udalari exijitzen dio testuinguru horri erantzukizun instituzionaletik eta bokazio demokratikotik hel diezaion, baliabide egonkorrak jarriz larrialdiko baliabideetara jo beharrean, eta politika publiko eraginkorrak diseinatuz errealitate horri erantzun integrala emateko, pertsona guztientzat eskubide guztiak betetzen direla ziurtatuz haien jatorria eta helmuga edozein izanik ere.