Ezker Anitza-IUk kurtso politiko berriari hasiera eman dio hemendik aurrera bereziki landuko dituen gaien aurkezpenarekin. Alderdiaren Bilboko egoitzan prentsaurrekoa eman dute Isabel Saludek, Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorra, Iñigo Martinezek, Ezker Anitza-IUko Antolakuntza Idazkaria eta legebiltzarkidea, eta Jon Hernandezek, Ezker Anitza-IUko legebiltzarkidea eta Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen ondokoa.
ENPLEGUA
Saluden aburuz, “10 urte pasa dira krisia hasi zenetik eta egoera ez da aldatu; prekarietatea egunerokotasuna bilakatu da”.
“Eusko Jaularitzak helburu erosoa ezarri dio bere buruari, %10eko langabezia tasa, baina hori ez da nahikoa” esan du Martinezek, “azkeneko datuen arabera, langabeziak gora egiteaz gain, euskal langileen baldintzak, soldata, emakume eta gizonezkoen arteko soldata arrakala, lanordua, eta lantokietako istripu kopurua larritzekoak dira”. “Eta hori normala dela dio Jaularitzak”, gogorarazi du Martinezek, “ez dago eskubiderik”. “Uko egiten diogu normaltasun horri eta, horregatik, kurtso berri honetan, krisi garaian eman diren murrizketekin bukatzeko, bai kaleetan sindikatu eta eragile ezberdinekin eta bai instituzioetan ekimen konkretu, zehatz eta bideragarriak aurkezten jarraituko dugu.
“Alde batetik, Kongresuan, Sanchezi argi eta garbi esango diogu bi lan-erreformak bertan behera utzi behar dituela eta bestelako lan arauak egin behar direla langileen eskubideak babesteko”, adierazi du Saludek. “Eta hemen, Urkulluri ere esango diogu autokonplanzentziarekin bukatu behar duela; ez da normala euskal herritarron errentak pertsonako 700€tara jaitsi izana. Neurriak hartu behar dira eta, horretarako, soilik patronalarekin adostutako planekin bukatu beharra dago”, gaineratu du Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak.
BERDINTASUNA
“Soldata arrakala patriarkatuaren ondorio bat baino ez” dela adierazi du Martinezek, “indarkeria fisikoa, erasoak eta mikromatxismoak bezalako desberdinkeriak egunero ematen baitira”.
“Tamalgarria da Indarkeria Matxistaren Estatu Ituna sinatu ostean, 200 milioi euroko aurrekontua adostu eta gero, oraindik ere Gobernuak inolako ekimenik martxan jarri ez izana. Beraz, premiazkoa da partida hori udal eta lurraldeen artean banatzea politika feministak aurrera eraman ahal izateko” gaineratu du Saludek.
Martinezek esan du asteburu honetan desberdintasun horien adierazle sinbolikoa izango dugula, Hondarribiko Alardean. “2018 urtean gure euskal oasian, oraindik ere, festa baztertzaile bati harrera egiten dioten buruzagi politikoak daude”, adierazi du irmoki, “ozenki salatu behar dira egoera horiek eta, beti bezala, Alarde mixtoari, emakume eta gizon horiei gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu”.
AUTOGOBERNUA
Hernandezek autogobernuaren gaiaren gaurkotasuna gogora ekarri du eta lasaitasunez hartzeko gomendioa mahai gainean jarri du. “Proiektua mahai gainean jarri eta adostasunak bilatu behar ditugu”, esan du, “gure talde parlamentarioa apustu oso sakona eta zintzoa egiten ari da erabakitze eskubidea bideragarria izateko eta erabakitze eskubide hori lortzeko proiektu nazional eta sozial bat aurkeztu dugu Euskadirako”. Gure apustua, estatu mailan egiten duguna da: Errepublika Federal eta Plurinazionala.