Ezker Anitza-IUk abian jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak Garraio publikoarentzako tarifa laua martzan jartzeko kanpaina

Ostegun honetan, Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaileak aditzera eman du alderdiak Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoarentzako tarifa laua martxan jartzeko kanpaina abian jarriko duela. Arantza Gonzalezek PSEko Marisol Garmendiari, mugikortasun diputatuari, eskatu dio “neurri hori egia bihurtzeko”, Gipuzkoako garraio nagusiak dagoeneko MUGI sisteman baitaude, Euskotren, RENFE, Lurraldebus, Dbus eta hiri-garraio garrantzitsuenak, hain zuzen. Horregatik, Ezker Anitza-IUk sinadurak bilduko ditu tarifa laua babesteko.

MUGI sistemako erabiltzaileek 50-60 euroko batez besteko gastua dute, bidaia anitzeko deskontuak kenduta. Horrenbestez, tarifa laua ezartzeak hainbat ondorio zuzen izango lituzke: “garraioen gastua aurreztu eta garraio pribatuaren erabilera gutxituko luke, CO2 isurketak murriztuz; horrez gain, eragin positiboa izango luke emakumeen ekonomian, horiek baitira garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak”.

Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaileak dio “MUGI sistemarentzako tarifa laua martxan jartzea borondate politikoa baino ez dela, lehentasun kontua”. Horrez gain, Gonzalezek gogorarazi du Foru Aldundiak hori indarrean sartzeko diru-laguntzak badituela, lurraldeko autopistak erabiltzeagatik hilean 30-36 euroko diru-laguntza ematen baitu. “Horregatik ez dugu ulertzen garraio publikoarentzako tarifa laurik ez egotea; gainera, hauteskundeetan PSE horren aldekoa zen. Izan ere, garraioa izateko eskubideak giza eskubide eta eskubide zibilen parean jarri zituen”, gogorarazi du Gonzalezek.

Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaileak esan duenez, “hiru urte eman ditu PSEk Mugikortasun Sailean eta ez du horren inguruan ezer ere egin. Gainera, lineak murriztu ditu Tolosaldean, Buruntzaldean eta Debagoienan; horrek arazoak ekarri dizkie erabiltzaileei; zenbait kasutan, euren ibilgailu pribatuak erabiltzera behartu ditu”.

Gonzalezek Garmendiari “hitzetatik ekintzetara pasatzeko” eta MUGI sistemarentzako tarifa laua ezartzeko eskatu dio, “Gipuzkoako autopisten erabiltzaileek dutenaren parekoa”.