Ezker Anitza-IUk Rementeriari galdetu dio BFAk 1962an Frankori emandako Dominaren itzulpenaren inguruan

Ezker Anitza-IUk 1962an, garaiko Diputazio Probintzialak, Javier Ybarra y Bergé buru zuela, Frantzisko Franko diktadoreari emandako Bizkaiko Harribitxien Dominaren itzulpenaren inguruko informazioa eskatu dio Aldundiari. Bilbon emandako prentsaurrekoan, Ezker Anitza-IUko Bizkaiko koordinatzaileak, Xabier Jimenezek, 2001ean EAJk, EAk eta EB-IUk Bizkaiko Batzar Nagusietan onartutako legez besteko proposamena gogora ekarri du.

Testuaren lehenengo puntuaren arabera, Batzar Nagusiek 1950ko ekainaren 5eko hitzarmena bertan behera uztea erabaki zuten. Horrek Frantzisko Franko diktadoreari “Semetzako eta Ohorezko Lehen Bizkaitar” izendapena kentzea eta Bizkaiko Harribitxien Domina bueltatzea esan nahi zuen, Aldundiak berak 1962ko martxoaren 23an emandakoa, hain zuzen. Bigarrenean, Erregimen Frankistaren sinbolo guztiak kentzea eta, hirugarrenean, Bizkaiko Ondarearen parte izan zedin, Dominaren jabeei horren itzulpena eskatzea.

Jimenezek esan duenez, “lehenengo atala 11 urteko atzerapen ulergaitzarekin bete zuten, 2012an ohoreak kentzeko onarpena zela-eta. Pixkanaka-pixkanaka, sinbolo frankistak kendu dituzte, nahiz eta, oraindik, herrialdean baten batzuk kentzeke dauden, hainbat etxebizitzetako aurrealdetan, batez ere”.

“Dena dela, hirugarren puntuaren inguruan ez dakigu ezer, Aldundiak Frankoren familiarekin harremanetan jarri ez delako edo, domina bere eskuetan baldin badago dagoeneko, hori bizkaitarroi behar bezala aditzera eman ez digulako”, adierazi du Ezker Anitza-IUko Bizkaiko koordinatzaileak.

Jimenezek “gardentasuna” eta Domina Bizkaira itzultzeko neurri guztiak martxan jartzeko eskatu dio Aldundiari. “Balio handikoa da; bai ondarearen aldetik baita alde sinbolikoagatik ere”, esan du Ezker Anitza-IUko Bizkaiko koordinatzaileak.