Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari interpelatu dio tasa turistikoaren ezarpenaren inguruan

Elkarrekin Podemosek gogora ekarri duenez, irailaren 28an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Legez besteko Proposamenak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion turismo-sektoreko eragileekin eta euskal administrazioen ordezkariekin hitz egin zezala, tasa turistikoa ezartzeko aukera aztertzeko.

Gaurko kontroleko osoko bilkuran Hernándezek azaldu duenez, tasa horrek presentzia handia du Europan, eta emaitza onak lortzen ari da. Turismoan ez du inpaktu negatiborik eragiten, hainbat onura ekonomiko ahalbidetzen ditu, eta une honetan udalerrietako herritarren kontura diren gastuak murrizten ditu.

“Tasa turistikoa ezartzea tresna interesgarria izango litzateke turismoak sorrarazitako gastu publikoak zenbait udalerritako herritarren kontura ez izateko; izan ere, Donostiako edo Zarauzko herritarrek adibidez, beren gain hartzen dute une honetan hondakinen, garbiketen eta hiri-altzariak mantentzeko lanen tasak, besteak beste”, nabarmendu du Hernándezek, eta horren haritik gogora ekarri du Donostiako udal-tasak gora eta gora ari direla etengabe: “hondakinen tasa garestiena da estatuan, eta % 14 igo da 2015etik; ura % 11 2015etik; autobusa urtero igotzen da EAJ-PSE udal-gobernua indarrean dagoenetik. Eta hori guztia, funtsean, donostiarren kontura.”

Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio argi eta garbi adierazi dezala zein erakundek hartu beharko lukeen tasa hori ezartzeko ekimena, Legebiltzarrean Legez besteko Proposamena onartu zenez geroztik igaro diren 9 hilabeteetan ageri diren informazio kontrajarriak kontuan hartuta.

“Ea behingoz ados jartzen zareten, Batzar Nagusien azterlan baten arabera foru-arau bat proposatuko litzatekeelako, Gipuzkoako Ogasunak adierazi duenez Eusko Jaurlaritzaren eskumena delako, eta udal-tasa bat ezartzeko aukera ere hor dagoelako”, adierazi du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.

Amaitzeko Hernándezek nabarmendu du Elkarrekin Podemos tasa turistiko hori lehenbailehen udal-eskumenen kontura ezartzearen alde dagoela, udalerri bakoitzak tasa aplikatu edo ez erabakitzeko aukera izan dezan, eta jarraian gogora ekarri du Donostiako alderdi guztiek aho batez neurri hori eskatu dutela, Elkarrekin Podemosen kide den Irabazi (Ezker Anitza-IU, Equo eta independenteak) koalizioaren ekimenari jarraikiz.