Elkarrekin Podemosek gobernu zentralari eskatu dio erretiro aurreratuetan pentsioen murrizketa berrikus dezala

Eusko Legebiltzarrak Espainiako gobernuari eskatzen dio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra alda dezala erretiro aurreratuei dagokienez, bizi-baldintza duinak bermatuko dituen sistema pentsio-bermatzaile bat defendatzeko.

Horretarako, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari eskatzen dio erretiro aurreratuei buruzko azterlan bat egin dezala eta Toledoko Ituneko Akordioen Jarraipen eta Ebaluazio Batzordera bidal dezala, erretiro aurreratua hartzen duten pertsonen gizarteestalduran hobekuntzak proposatzeko eta Legebiltzarrean izapidetu ahal izateko.

“Gobernu sozialista berriari eskatzen diogu koherentea izan dadila eta oposizioan zeudenean defendatzen zituzten erretiro aurreratuei buruzko neurriak gauza ditzala”, eskatu du Elkarrekin Podemoseko Ezker Anitza-IUko legebiltzarkide Jon Hernándezek gaurko osoko bilkuran.

Elkarrekin Podemosek aurkeztu duen ekimenak, legean bilduta dauden ohiko adinaren aurreko adinetan erretiroa hartzen dutenen pentsioen zenbatekoak murriztu dituzten neurriak eraldatu nahi ditu. Horrela, proposatzen da erretiro aurreratua hartzen dutenei dagozkien pentsioei koefiziente murriztailerik ez aplikatzea berrogei urtetik gora kotizatu dutela kreditatzen badute. Gainera, planteatzen da urte gutxiago kreditatuta dituzten eta beraz koefiziente murriztaileak aplikatzen zaizkien pertsonei erretirorako ohiko adinera iristen direnean murrizketa horiek aplikatzeari uztea, une horretatik aurrera pentsioa osorik kobra dezaten.

“Ez da onargarria ohiko adina baino hainbat urte lehenago erretiroa hartu behar izaten dutenek euren pentsioa murriztuta jasotzea, kasu gehienetan erretiro hori benetan boluntarioa ez delako eta pertsona horietako askok urte mordoa igaro dutelako kotizatzen”, amaitu du Hernándezek, eta Lan eta Gizarte Segurantzako ministroari planteatu dio gaur Eusko Legebiltzarretik proposatzen diren neurriak onar ditzala.