Elkarrekin Podemosek salatu du Eusko Jaurlaritzak Elkarrizketa Soziala leherrarazi duela

Elkarrekin Podemosek kritikatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Patronalaren arteko EAEn enplegua eta trebakuntza sustatzeko lankidetzarako 2018-2020 Esparru Akordioak Euskadiko sindikatu nagusiak baztertu ditu, Elkarrizketa Sozialerako Organo Iraunkorra alde batera utzita. “Exekutiboak ez du bere gobernu-ildoetako bat bete, hau da, ez ditu politika publikoak agente sozialekin eztabaidatu, ezta haiekin erabaki partekaturik hartu ere” salatu du Hernándezek legebiltzar-mozioa aurkeztean.

Elkarrekin Podemosek azpimarratu du oso garrantzitsua dela elkarrizketa soziala eta agente sozialekiko akordioak bultzatzea, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “ez ditzala industria-politikak diseinatu sindikatuak alde batera utzita, eta, hori gutxi balitz, akordioak ez lortzearen erantzukizuna sindikatuei leporatuta”.

Elkarrekin Podemosek salatu duenez, patronalak ezin dezake bide librea eduki langile eta langabeen prestakuntzaren alorrean, patronalaren premiak soilik aintzat hartuta. “Lehendik zegoen elkarrizketa sozialerako mahaia zartatu dute horrenbestez, beste behin ere alde baten alde egin dutelako; patronalarekin soilik negoziatu dute sindikatuei kasurik egin gabe, eta gainera gero sindikatuei bat egiteko eskatu diete”.

Horregatik, Hernándezek eskatu du hiruko elkarrizketa berreskuratzeko, eta, ezinbestean, Confebask patronalaren zerbitzuan egindako akordioa bertan behera uzteko, elkarrizketa urratu eta agente sozialak zeharo baztertzen dituen heinean.