Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, ehundik gorako auzo elkarte eta giza kolektiborekin batera, manifestaziora deitu du larunbaterako, apirilak 28rako. 12:00etan abiatuko da Plaza Eliptikotik “Bestelako Bilbo posible da. Kalea ez da isilduko” lelopean.
Podemos, Ezker Anitza–IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioak beste hiri-eredu baten beharra defendatzen duten bilbotar asko daudela erakutsiko duen manifestazioan parte hartuko du. “Auzo–mugimenduak zein mugimendu asoziatiboak berdintasun ezaren aurka urte osoan zehar egindako lana nabarmendu nahi dugu eta bilbotar guztiei luzatu nahi diegu manifestazioan parte hartzeko deia. Bertan, hiritarron benetako parte-hartzea aldarrikatuko da, hala nola, pobrezia eta prekarietatearen aurkako borroka, ingurumenaren defentsa edota auzoen arteko ezberdintasunekin bukatu beharra. Orain arte banaka defendatu izan duguna batera defendatzeko garaia heldu da”, azpimarratu du Amaia Arenal zinegotziak.