Elkarrekin Podemosen ekimenez Eusko Legebiltzarrak lan-prekarietatea murrizteko lan egiteko konpromisoa hartu du

Elkarrekin Podemos taldeko IUko legebiltzarkide Jon Hernándezek gaurko bilkuran zera adierazi du: “Euskadiko lan-prekarietatearen zifrak oso modu kezkagarrian ari dira igotzen eta enpleguaren kalitatea herritarren kezka nagusietako bat da dagoeneko”. Elkarrekin Podemosek salatu du azken bi lan-erreformen bidez egindako Langileen Estatutuaren aldakuntzek oso malgutasun handia ahalbidetu dutela lan-baldintzetan, eta horren ondorioz ehunka mila langileren lan-baldintzak gero eta okerragoak dira. Errealitate horren gainean ere badira beste egoera lazgarri batzuk ere, generoaren, jatorriaren, adinaren eta prestakuntzaren araberako desparekotasunak, eta horrek lanmunduan diskriminazio argia eta erabatekoa eragiten du.

“Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu lan-prekarietateari dagokionez konpromiso zehatz eta neurgarriak har ditzala, erretorika alde batera utzita”, adierazi du Hernándezek eta zera gehitu du, “egungo lan-baldintzen degradazioa onartezina da eta aurre egin behar zaio”.

Elkarrekin Podemosen iritziz, enpleguaren aldeko ofentsiba sozialaren zati gisa, egungo enplegu-politikek erabateko lehentasun gisa lan-prekarietatearen aurkako borroka eduki behar dute, eta ez dira eraginkorrak izango helburu argi eta neurgarri batzuetan oinarritzen ez badira.