Podemos, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioak 40 zuzenketa aurkeztu dizkio Bilboko Udalaren gobernu-taldeak egindako Gizarte Politiken aldeko Itun-proiektuari.
Gure udal-taldeak testua hobetu nahi du, eta, testua lantzerakoan, beste egoera bat eta beste modu eta denbora batzuk aintzat hartu beharko ziratekeela uste du. Amaia Arenal UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeko zinegotziak baieztatu duenez, asmo on soiletatik haratago doan itun mamitsu bat landu nahi bada, ezinezkoa da prozesua 15 egunean ixtea, hiribilduan gizarte-ekintzaren alorrean diharduten erakunde espezializatuak baztertuta. “Inolako edukirik gabeko dokumentua da, aurrera eraman beharreko neurri zehatzei dagokienez. Asmoen aldarrikapen hutsa da. Gainera, asmo horiek agintaldiaren hasieran mahaigaineratu ziren, eta hiru urte geroago ez dira bete”, adierazi du Arenalek.
UdalBerri udal-taldearen ustez, bada inbertsio sozialaz —eta ez gastu sozialaz— hitz egiten hasteko garaia. “Eskubide-ikuspegi baten barruan gaude, eta errentagarritasunak elkartasunaren eta kohesio sozialaren arabera neurtu beharko lirateke. Testuaren edukia, ordea, karitatezko ikuspegi paternalista batetik planteatu da”, adierazi du Arenalek.
Hona hemen UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak aurkeztutako zuzenketetako batzuk:
- Kaleko hezitzaileen zerbitzuak indartzea, eta baliabide sozioedukatiboak bermatzeko programak bultzatzea.
- Etxeko Laguntza Zerbitzua hobetzeko konpromiso irmoa ezartzea eta “Susperraldi-zentroko” plaza kopurua handitzea.
- Etxerik ez dutenen arazoari heltzeko beste programa-eredu batzuk ikertzea, lehendik daudenen osagarri, eta errolda sozialean sartzeko irizpideak malgutzea.
- Indarkeria matxisten egoerak prebenitzeko aurrekontu-inbertsioa handitzea.
- Asiloa eman ez zaien migratzaileen eskubideak bermatzea.