Ezker Anitza-IUk “III. Errepublikako udaberrira bideratutako prozesu-konstituziogilea” aldarrikatu du Eibarren

Ezker Anitza-IUk eta Euskadiko Partidu Komunistak II. Errepublikari omenaldia egin diote gaur Eibarren, duela 87 urte aldarrikatu zen lehenengo udalerrian. Ekitaldia Untzaga Plazan burutu dute, eguerdian, Gazte Komunistak Ermuatik Eibarrera deitutako martxan parte hartu eta gero.

Ekitaldi Politikoan, Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak, Isabel Saludek, garai horretako gertaera politikoaren garrantzia nabarmendu du, “ezberdintasunez jositako gizarte patriarkal, klerikal eta monarkiko haren oinarriak astindu zituena”. Horrez gain, Saludek “III. Errepublikako Udaberrira bideratutako Prozesu-Konstituziogilearen” bidea markatu du, “herritarren parte-hartzea, behetik gora eratutakoa, batasunez eta konfluentzia zabalez eraikia”, Konstituzio Errepublikano berria sortzeko. “Horrek herritarren bizitza duina bermatuko luke”, gaineratu du.

Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak Trantsizio garaitik eratorritako erregimena “agortu” dela nabarmendu du, “ez baitu pertsonen oinarrizko beharrak asetzen; eragin duen krisi ekonomiko, sozial, ekologiko eta Estatu-krisia jasanezina da”. “Errepublikaren ideiak bultzatzen eta eragiten gaitu, sozialismoan, feminismoan, ekologismoan eta federalismoan oinarritua”, adierazi du Saludek.

“Sozialismoa aberastasunaren bidezko banaketa da: bizitza duina, eskubide unibertsalak, kalitatezko enplegua, hezkuntza eta osasun publikoa, pentsio duinak eta gizarte zerbitzuak bermatzen dituena”, esan du Saludek. “Feminismoari buruz ari garenean, berdintasuna bermatzen duen Konstituzio Errepublikarra nahi dugula diogu emakumea kontuan hartzen duena, eta, ekologismoari buruz hitz egiten dugunean, ingurumena babestea beharrezkoa dela esan nahi dugu, oinordekoek bizitza duina izateko”. “Federalismoaz ari garenean, justizia sozialean oinarritutako Errepublika aldarrikatzen dugula adierazi nahi dugu, alde guztien nahi eta eskubideetan oinarrituta. Non bizi garen ez du axola”, esan du.

“Espainia nazioez osatutako herria da eta herri anitz batek eredu federala behar du. Federalismoa balore errepublikarra da. Gaur eguneko erregimena frankismo zentralistaren ondorioa da, herrien hizkuntzen jazarpena eta kulturak akabatu dituena”, adierazi du Saludek.

EKPko Idazkari Nagusi eta legebiltzarkideak, Jon Hernandezek, “Euskadiko militantzia komunistak azkeneko 80 urte hauetan errepublikaren alde egindako lana eta borroka” goraipatu du eta guztizko demokrazia politiko, sozial eta ekonomikoaren alde lanean jarraitzen duten errepublikanoak zoriondu ditu.

“III. Errepublikaren aldekoak gero eta gehiago gara Euskadin, gaur eguneko eredu monarkikoak gero eta jarraitzaile gutxiago baititu”, adierazi du Hernandezek. Euskadiko Partidu Komunistak III. Errepublika sozial eta plurinazionalaren alde lanean jarraituko duela adierazi du Hernandezek. “Erabakitzeko eskubideak Estatu Errepublikar Federalaren aukera jaso behar du”, esan du legebiltzarkide komunistak, “hala ez izateak, euskal gizartearen zati handi bat kanpoan uztea suposatuko luke, erabakitzeko eskubide faltsua bihurtuz”.

Hernandezek datorren apirilaren 21ean egingo den Euskadiko Mugimendu Errepublikarrak antolatutako Errepublikaren aldeko manifestaziora joateko deia egin du, 18:30etan, Donostian.

Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako Koordinatzaileak, Arantza Gonzalezek, Eibarko herriaren garrantzia goraipatu du. II. Errepublika aldarrikatu zen lehenengo herrian, “gaur, berdintasun, justizia sozial eta herriaren subiranotasunaren baloreak eta parte-hartzea aldarrikatzeko bildu gara”, azaldu du.

Ekitaldiaren amaieran, Bittori Barcenak, kartzela frankista batean 21 urte preso egondako Marcelo Usabiagaren militante komunista historikoaren alargunak, eta Aritz Rodriguezek, Gazte Komunistak erakundearen Idazkari politikoak, hiru koloreko bandera igo dute. Azkenik, ohorezko aurreskuak amaiera eman dio ekitaldiari.