Elkarrekin Podemosek zalantzan jartzen du hatz-marka Lanbiden identifikatzeko metodo gisa inplementatzearen egokitasuna

Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordeak gaur egin duen bilkuran, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Tinixara Guanchek zalantzan jarri du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan hatz-markaren bidez identifikatzeko kontrol biometrikoko neurriaren egokitasuna.

Azpimarratu duenez, datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari buruzko Europako Erregelamenduaren arabera, “tratamendu jakin bat, eta bereziki teknologia berriak erabiltzen baditu, pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako oso arriskugarria denean, tratamenduaren arduradunak inpaktuaren ebaluazioa egingo du”.

Elkarrekin Podemosen ustez administrazio osoan ezarri beharko litzateke hatz-marka, modernizazioaren eta kalitatearen mesedetan. Alabaina, euskal enplegu-sistemaren erabiltzaileengan inplementatzeko erabakiak kontrol-mekanismo bat dela eman lezake aditzera, hartzaileengan inpaktu negatiboa izango lukeena.

“Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren milaka onuradunen datuen babesa bermatu behar da, segurtasun-hutsegite batek kalte egingo liekeela aintzat hartuta; horrez gain, kontrol-mekanismo horiekin estigmatizatuta geratuko litzateke gainerako herritarren aldean”, Guanche legebiltzarkideak erantsi duenez.

Horregatik, Lanbideren egungo programa informatikoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileei dakarzkien eskubide-urraketei dagokienez Arartekoak emandako gomendioak aztertzean, Elkarrekin Podemos kezkatuta azaldu da aplikazio berri horrek etikari eta segurtasunari dagokienez dakartzan arriskuak direla-eta, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eskatu die hatz-markaren aplikazioaren aurreko ebaluazioei buruzko txostenak aurkezteko batetik, eta sistema Lanbiden edo euskal administrazioaren beste eremu batzuetan ezartzea noizko aurreikusi duten adierazteko bestetik.