Elkarrekin Podemosek Legez Besteko Proposamena egin du Maite Iturberen dimisioa eskatzeko

Atzoko bilera zapuzgarriaren ondoren, non EITBko zuzendariak ez zion galdera bakar bati ere erantzun nahi izan, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Arana eta Elkarrekin Podemos Euskadiko komunikazio-idazkari Andeka Larrea Eusko Legebiltzarrean agertu dira gaur goizean koalizio progresistak premiazko bi neurri proposatzeko asmoa duten Legez besteko Proposamen bat eta Lege Proposamen bat erregistratuko duela jakinarazteko. “Elkarrekin Podemosek LBP bat aurkeztuko du Maite Iturbe andreak EITBko Zuzendari Nagusi karguan dimisioa eman dezan”, adierazi du Eukene Aranak. Izan ere, koalizioarentzat onartezina da EITBko zuzendaritzak proiektu bat ez edukitzea, bere planek sinesgarritasunik ez izatea, eta historiako ikus-entzulego daturik txarrenak izatea, eta bere kudeaketak ardura hartu zuenetik diru publikoaren galera handiak eragin izana (Gizarte Segurantzaren ikuskapenen ondoriozko isunak, abokatuen minutak ete lege-iruzurrean kontratatu zituzten langileak berriz laneratu behar izatea, etab.).

Bigarren ekimena Lege Proposamen bat izango da EITBren Sorrera Legearen lehen artikulua aldatzeko, eta hala Administrazio Kontseiluko kontseilariek beren lana garatzeko garrantzitsuak diren gaiak eztabaidatu eta bozkatu ahal izan ditzaten, gardentasun, zerbitzu publiko eta gobernu onaren printzipioak betetzearren. Hau da, “EITBren legea aldatzea Administrazio Kontseiluak horixe egin ahal izan dezan: Erakundea kudeatu. Kontratuen, izendapenen, lan-politikaren eta abarren kontueskea egiteko aukera izan dezan” adierazi du Andeka Larreak.