Ezker Anitza-IU #GrebaFeminista-rekin

Martxoaren 8a, urtero bezala, egun berezia da Ezker Anitza-IUko emakume militanteontzat. Feminismoa gure historiaren DNAn dago.

Ezker Anitza-IUn, erabat babesten dugu mugimendu feministak deitu duen greba feminista. Jakingo duzunez, betiko greba orokorren kontzeptua gainditzea da helburua: emakume guztiei dei egiten zaie lanean greba egin dezaten, baina baita zaintzetan, ikasgeletan eta kontsumoan ere. Emakumeen lana –bai profesionala bai ugalketa-lana– ikusezin bihurtu eta gutxietsi egiten da, baina, era berean, guztiak funtziona dezan, ezinbestekoa da. Horregatik, «EMAKUMEAK GELDITZEN BADIRA, MUNDUA, AKABO» lelopean, borroka-egun historiko hau proposatzen dugu feministok.

Nola babesten dugu greba feminista Ezker Anitza-IUn?

Azaldu dugun bezala, Ezker Anitza-IUk erabat babesten du greba feminista. Erakundeak antolaketa-tresnak eta tresna komunikatibo zein instituzionalak jarriko ditu eskura grebak arrakasta izan dezan.

Eta, are garrantzitsuagoa dena, gure oinarrizko baliabidearekin babesten dugu greba: EMAKUMEEKIN. Greba honetan parte hartzera dei egiten dizuegu, laneko, zaintzetako, ikasketetako eta kontsumoko greba eginez.

Gainera, instituzio-arloen bidez, beharrezko argibideak emango dizkiegu gure erakundeko emakumezko kargudun publikoei: greba feminista babesteko Ezker Anitza-IUren mozioa aurkeztu, osoko bilkurak bertan behera uzteko eskaera egin –Andaluziako Parlamentuan egin dugun bezala– eta greba babesteko soilik diren ekitaldi instituzionaletan parte har dezaten.

Helburua zaila da, baina greba-deialdia bera bada lorpen handia. Islandian, 1975. urtean historiako emakumeen lehen greba antolatu zutenean, ez zuen inork pentsatu ere egin urte gutxiren ostean lehen emakume gobernuburua izango zutenik. Pontevedran, ez zuen inork pentsatu ere egin Bershkako langileek denda guztiak itxi zitzaketenik. 370 egun baino gehiagoko grebaren ondoren, ez zuen inork pentsatu ere egin Bizkaiko zahar-egoitzetako langileek beren lan-baldintzak hobetzeko akordioa lortuko zutenik. Emakumeen borroka geldiezina da, eta bestela, esan diezaiotela Gallardóni xD.

Nola lagun dezakezu greban?

Lehen esan dugun bezala, garrantzitsuena da laneko grebarekin bat egitea, bai eta zaintzetako, kontsumoko eta ikasketetako grebarekin ere.

Badakigu zaila dela, bereziki, zaintza; baina ahal izanez gero, antolatu zaitez etxean, zure inguruko gizonak zaintza-lanaz ardura daitezen. Azal iezaiezu grebak duen garrantzia eta zaintza-lanez arduratu behar dutela. Zure familiako gizonei proposatu zer egin behar duten edo zer egin dezaketen, eta bestela, pentsa dezatela beraiek ;). Zure bizilagunekin ere antola zaitezke. Greban parte hartzeko modu asko dago, eta, ziurrenik, dagoeneko bururatu zaizu baten bat.

Gainera, greba babesteko, gauza oso garrantzitsu bat egin dezakezu: zure inguruko espazio feministetan parte hartu, eta ez badago, antola itzazu. Feminismoa sarea da, eta sustatzeko une oso egokia da.

Zure emakume lankideekin ere hitz egin dezakezu, grebarekin bat egin dezaten (gogoan izan greba legezkoa dela, eta beraz, errepresaliarik gabe egiteko eskubidea dutela); egun horretarako antolatzen ari diren ekintzetan parte hartu, Ezker Anitza-IUren ekitaldiak antolatu, babesa emateko argitaratu ditugun materialak partekatu eta zabaldu, manifestazio eta kontzentrazioetara joan…

Zer egin dezakete gure gizon lankideek?

Horixe galdetzen digute lankide askok: «eta nik, zer egin dezaket?»

Lehenik, antolatzeko esan diezaiekezu, beraien artean hitz egin dezaten eta greban nola lagun dezaketen pentsa dezaten; izan ere, gizonek era askotan lagun dezakete.

Gure ikuspuntutik, badago kontu garrantzitsu bat: emakumeek zaintzetako greba egin ahal izateko, ugalketa-lanez arduratu behar dute gizonak, lan horiek ezin baitira egin gabe utzi. Esaterako, eskolara eraman ditzakete haurrak, bai eta haien bila joan ere; edo, bazkariaz arduratu eta afaria presta dezakete. Eskolara edo zahar-egoitzetara joan behar ez diren eta etxean dauden haurrak edo adinekoak zaindu behar izanez gero, egun osoan zehar lan hori eginez, laneko grebarekin bat egin dezakete. Garrantzitsuena da, egun horretan, inoiz IKUSTEN ez dena IKUSTEA; alegia, emakumeen lana. Gizonek laguntzen badigute, posible egin dezakete hori.

Lanari dagokionez, funtsezko zerbitzuetan lan egiten baduzu (garraioa, osasuna…), zure gizon lankideak gutxieneko zerbitzuez ardura daitezke, eta hala, zure enpresako lankideek grebarekin bat egin dezakete.

Azkenik, gogoan izan greba zuretzat pentsatuta dagoela. Zu zara protagonista. Egun horretan, egun batez, emakumeok izango gara protagonistak. Horregatik, Ezker Anitza-IUtik argibideak emango dizkiegu federazio eta erakundeei, parte hartzen dugun ekintza guztietan –kontzentrazio, manifestazio edo ekitaldietan– emakumeak protagonistak izan gaitezen: pankartak eramanez, adierazpen publikoak eginez… eta, garrantzitsuena, emakume GUZTIONA den grebaz gozatuz.