Elkarrekin Podemosek pentsio duinen aldeko Legez Besteko Proposamena aurrera atera du

Elkarrekin Podemosek Legez Besteko Proposamen bat defendatu du gaur Eusko Legebiltzarra, argi eta garbi, pentsio-sistema publiko bat bermatuko duten zenbait erreformaren alde azal dadin lortzeko. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Jon Hernándezen hitzetan, “belaunaldien eta lurraldeen arteko elkartasunean oinarrituko da, eta bizi-baldintza duinak dauzkan gizarte baten zutabea izango da”. EAJk eta PSEk babestu dute ekimena, erdibideko zuzenketa adostuta.

Ezker Anitza-IUko ordezkariak salatu duenez, azken urteetan lan-araudian zein gure pentsio-sistema publikoan egindako erreforma politikoek, besteak beste, “sistema guztiz ahultzea dute helburutzat, pertsonok, pentsio ziztrin horiek osatzeko, funts pribatuetara jotzea beste erremediorik izan ez dezagun”. Jon Hernándezek adierazi duenez, ez du onartzen sistema ez dela nahikoa izango diotenen tesia, “guretzat, pentsio-sistema publikoa, beharrezkoa ez ezik, bideragarria ere bada, horretarako borondate politikoa izanez gero”.

Ildo horretan, Elkarrekin Podemosek argi dauka zer neurri hartu behar diren indarrean dagoen eredua garaitu eta botatzeko. “PP izan da eredu horren bultzatzaile nagusia, baina zoritxarrez Estatuan izan zen azken Gobernu Sozialistak ere ez zion behar bezala aurre egin”. “Gure pentsiodunak borrokan ari dira, eta gure koalizioko alderdiok bat egingo dugu borroka horrekin, guztiontzako pentsio-sistema duin bat defendatzeko. Parlamentu eta kaleetan egingo dugu. Horregatik gaur ekimen hau ekarri dugu hona, parlamentuak ozenki adieraz dezan pentsio-sistema publiko egoki baten alde dagoela” amaitu du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.

Proposamenak:

Elkarrekin Podemosek honako proposamen hauek egin ditu: lehenik eta behin, Gizarte Segurantzaren Pentsioen Iraunkortasun Faktorea eta Errebalorizazioaren Indizea arautzen duen 23/2013 Legea indargabetzea, eta beraz, KPIa berrezartzea pentsioak eguneratzeko formula gisa.

Bigarrenik, Pentsioen Erreserba Funtsa libreki baliatzeko legea debekatzea % 3ko muga ezarriz, pentsioen itsulapikoa babesteko.

Gainera, Gizarte Segurantzaren administrazio-gastuak zuzenean Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura finantza daitezela ziurtatzea. Eta, azkenik, 2012ko lan-erreforma indargabetzea, “enpleguaren kalitatearentzat izugarri kaltegarria delako eta kotizazioen beherakada dakarrelako”, baita enpresakotizazioen hobariak deuseztatzea ere.