Elkarrekin Podemosek Osasun Sailari eskatu dio Onkologikoa Ospitalearen egoerari “behingoz eta berehala” hel diezaion

Elkarrekin Podemosek Onkologikoa Ospitalearen finantza- eta kudeaketa-egoerari buruzko eztabaida eraman du ostegun honetako ohiko Osoko bilkurara. Juan Luis Uria legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, 2013az geroztik “ganbera honek Eusko Jaurlaritzari behin baino gehiagotan eskatu dio Onkologikoa Donostia Ospitalearekin funtzionalki, estrukturalki eta organikoki integratzearen alde lan egiteko, eta Osasun Sailak ez du oraindik ezer ere egin norabide horretan”.

Uriak argudiatu duenez, egia bada ere garai batean zentroaren finantziazio-iturri nagusia Kutxaren Gizarte Ekintza izan zela, badira urte batzuk Osasun Sailak ekarpen ekonomiko handiena egiten duela, urteko gutxi gorabehera 23 milioiko kontzertu baten bitartez. Erantsi duenez, “inbertsioa igotzeari eusten ez bazaio, ordea, etorkizunean nekez mantendu ahal izango da gaur egun minbiziak gaixotutako milaka pertsonaren salbazioa suposatzen duen puntako teknologia hori”.

Uriak Erradiokirurgia Unitatearen adibidea ekarri nahi izan du gogora, “aitzindaria” izan bazen ere finantziazio-faltagatik itxi behar izan dena: “Zenbait ekipamendu zaharkituta geratu direnez eta berritzeko aurrekonturik ez dagoenez, pazienteak Gurutzetako eta Basurtoko ospitaleetara bideratu behar dira orain, eta Onkologikoko profesionalak dira, eta ez ni, kexa hori mahaigaineratu dutenak”.

Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo alderdiek osatzen duten taldeko ordezkariak defendatu du zentroa “benetan” sare publikoan integratzea, “baliabide teknologikoen eta giza baliabideen elkartrukearen mesedetan”. Alabaina, aurrera jarraitu duenez, “itxura denez Osasun Sailak ez dio arazoari heldu nahi prozesu hori behingoz martxan jartzeko, eta haren gobernu-bazkideek, beste behin, nahiago dute beren burua lausotu eta beren ideia ustez sozialistei uko egin, mantentzen duten itunari kalterik ez egiteko”. Eta kritika hori areagotu du: “Paradoxa da ni gaur hona etorri naizela PSEk, Legebiltzar honetan ez ezik, beste erakunde batzuetan ere defendatu zituen proposamenak planteatzera”.

Ekimena bertan behera geratu da “PSEren ausardia-faltaren ondorioz, haien bazkideen kudeaketa ez dutelako jendaurrean kritikatu nahi izan, gauza publikoaren aurka doala ondo dakiten arren”.