Jon Hernandez: “Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planak ez dio arazorik larrienari heltzen: bereziki gazte eta emakumeei eragiten dien lan prekarioa”

‘2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoa’ aurkezteko Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatríz Artolazabalek Legebiltzarrean egin duen agerraldiaren harira, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Ezker Anitza-IUko kide Jon Hernándezek zenbait kezka mahaigaineratu ditu “egungo benetako arazoa” den enpleguaren kalitateari dagokionez. Hernándezen ustez, “langabezia-tasa %10era jaitsi izanaz aparte gobernuak asmo txikiko estrategia bat aurkeztu digu gaur, aldi baterako kontratazioetarako diru-laguntzak iraunarazten dituelako eta lanpostu prekarioak errazten dituelako, soldata txikiak edukitzeaz gain sarritan hitzarmen kolektiboen aplikaziotik kanpo geratzen direnak”. Gogora ekarri duenez, bereziki gazteak eta emakumeak dira errealitate hori jasaten dutenak.

Ildo horretan, Hernándezek sailburuari egotzi dionez, plan horretan “genero-ikuspegia ez da inondik inora agertzen”. Gazteei dagokienez, Hernándezek honela baloratu du Artolazabalek taldeei helarazitako konpromisoa: “zuk agintzen dituzun aukera horiek bekak edo praktikaldiko kontratuak baino ez dira, enpresek sarri behar ez bezala erabiltzen dituztenak benetako lanpostuak estaltzeko”.

Elkarrekin Podemoseko ordezkariak aditzera eman du, halaber, bere taldean oso kezkatuta daudela enplegu publikoa gobernuaren estrategian “labur-labur” baino ez delako jasotzen, aipatu duenez, “langileak belaunaldi-errelebu bidez ordeztea baino ez duelako aintzat hartzen, eta horrekin Saila beste jardun garrantzitsu batzuk garatzeko aukera galtzen ari da, Dependentziaren alorrean lanpostu publikoak sortzeko aukera, adibidez”.

Azkenik, Hernándezek gogora ekarri duenez, enplegu-politika aktiboen eskumenaren bidez Lanbide berria konfiguratu zenez geroztik sei urte igaro direnean argi geratu da sistema hobetu beharra dagoela, baina planak ez du hobekuntza hori aintzat hartu; gobernu honek uko egiten dio, beraz, administrazioak oinarrizko zerbitzu hori optimizatzeko duen gaitasunari”.