Ikastetxeetan gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko programak martxan jartzearen premia defendatzen du UdalBerri – Bilbao en Común taldeak

Premia espezifikoak dituzten ikasleei baliabide sozioedukatiboak bermatzen dizkieten programak diseinatu eta hiriko ikastetxe publikoetan ezartzeko premia defendatuko du Ahal Dugu, Ezker Anitza–IU eta Equo–Berdeak taldeek osatutako koalizioak otsaileko osoko bilkuran. Ikastetxe bakoitzerako espezifikoak izango lirateke programa horiek eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan garatuko lirateke, hezkuntza-komunitatearekin eta inplikatutako adingabeekin batera partekatutako azterketa egin ondoren.

UdalBerri – Bilbao en Común taldeko zinegotzi Amaia Arenalek azaldu duenez, hezkuntza-arloko laguntza ematea eta adingabeen gizarte-bazterkeria saihesteko erremintak eskaintzea dute helburu horrelako programek. “Eskatzen duguna zera da, ikastetxe publikoetan hezkuntza-komunitateei baliabide gehiago ematea, sarritan ikastetxe horiek gainezka egiten baitute hartu behar dituzten erantzukizunen ondorioz, erakundeek erakusten duten utzikeria dela-eta”.

Arenalek azaldu duenez, profesionalen lantaldeen esku geratuko lirateke programa horiek, eta irakaskuntzaren esparrutik haratago dauden premiei erantzuteko baliagarri izango lirateke. “Balioak sustatzeko, eta ekitatea eta gizarteratzea bermatzeko baliagarriak diren guneak izan behar dute gure ikastetxeek. Bazterkeriaren aurkako neurri guztiak baliagarriak izango dira etorkizuneko gatazkak prebenitzeko. Azken batean, sistemak bizkar eman dien gazteak integratzeko erremintak eskaintzeaz ari gara”, esan du Arenalek.