Elkarrekin Podemos eta Unidos Podemos taldeek legezbesteko proposamena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean eta Kongresuan migratzaileek Bilboko Portuan bizi duten egoerari buruz

Lehengo abenduan, Podemos Euskadi, Equo eta Ezker Anitza-IU alderdiek osatzen duten koalizioak EAEko eta Espainiako gobernuei zuzendutako galdera eta interpelazioen sorta bat erregistratu zuen, Bilboko Portuan migratzaileen kudeaketarekin loturik gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa larrien berri izan ostean. Elkarrekin Podemosek Tapia sailburuaren agerraldia eskatu zuen; izan ere, Ingalaterrara doan ferryaren sarbidean horma bat eraikitzeko erabakia hartu da eta Eusko Jaurlaritzak erabaki horretan zenbateko erantzukizuna duen azaltzeko eskatu nahi diote. Aldi berean, Unidos Podemoseko diputatu Rosa Martínez andreak informazioa eskatu zuen Madrilen Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek horretan izan duten egitekoari buruz. Baterako lan-prozesu horren ondoren, bi talde parlamentarioek ezinbestekotzat jotzen dute Giza Eskubideen arloko prestakuntza ematea “orain arte bizi izan ez dituzten egoerak gero eta maizago bizi behar dituztenei”. Horrela, bada, ekintza-batasuna bultzatu nahi du koalizioak, bai Estatuan, bai Autonomia Erkidegoan, portuari atxikitako langileek ez ezik, migratzaileen eta errefuxiatuen kokagune izaten diren tokietan jarduten duten Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta tokiko segurtasun-indar eta -kidegoetako kideek ere jasotzen duten prestakuntzari buruzko diagnostikoa egin dezaten eskatzeko dagozkien gobernuei. Diagnostiko horretan gizarte-eragile eta sindikatu guztiek parte hartu behar dute. Azkenik, Elkarrekin Podemos taldeak Eusko Jaurlaritzari zera eskatu dio, Gurutze Gorriaren Giza Eskubideen Behatokiarekin lankidetza-esparru bat garatzea, Espainiako Gobernuarekin eta inplikatutako udalerriekin batera, “erakunde guztiek ezikusiarena egiten duten egoera tamalgarri” horren aurrean erantzun eraginkorra emate aldera.