Elkarrekin Podemosek “De Miguel auziarengatik” Ertzaintzari egindako erasoen aurrean isilik egon izana aurpegiratu dio Lehendakariari

Ostiral honetan Eusko Jaurlaritzaren Kontrolerako Osoko Bilkuran Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martínezek, Iñigo Urkullu Lehendakariari galdetu dio “De Miguel auziaren” ikerketan Ertzaintzak egin duen lana publikoki defendituko ote duen bere gobernuak. Martínezek atsekabetuta adierazi du inputatuen defentsek Ertzaintza “bere lana ondo ez egiteagatik” erasotzen duten bitartean Eusko Jaurlaritza “isilik dagoela”. Era berean, Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatzen duten koalizioaren ordezkariak Lehendakariari adierazi dio bere taldea oso haserre dagoela Joseba Egibar Legebiltzarreko bozeramaile jeltzaleak esandakoa ez duelako ezeztatu, “aste honetan bertan inputatuen errugabetasuna defenditu baitu, kasu isolatuak direla adieraziz”. Lander Martínezek gogorarazi du “ez garela edozer gauzaz hitz egiten ari, ustelkeria-kasu oso larria baita, EAJko hogei bat goi-kargu inputatuta egonik, 21.000 folioko sumarioarekin eta Fiskaltzak ia 450 urteko espetxe-zigorrak eskatuz, erakundeen menbrete ofiziala duten eskupekoak lortzeagatik; kontratu publikoen truke komisioak eskatzeagatik; inoiz egin ez diren lanen eta euskal herritarrek ordaindu dituzten fakturak kobratzeagatik; zergetan iruzur egiteagatik, eta haien ustelkeriatan parte hartzeari uko egiten zioten pertsonei xantaia egiteagatik. Eta “eskandaluzko errealitate” horren aurrean, Martínezek esan duenez, “Lehendakariak ez du jardun euskal herritar guztien Lehendakari gisa, izan ere, 26 inputatuen lehendakari adiskide gisa jardun baitu”.