Elkarrekin Podemosek Legebiltzarraren konpromisoa lortu du soldata-aldearen aurkako borrokan

Urteko ohiko lehen Osoko bilkuran, Legebiltzar taldeak gizonen eta emakumeen arteko soldata-aldeari buruzko eztabaida sustatu du. Eukene Arana legebiltzarkideak Lan eta Justizia Sailari eskatu dio ekintza-plan bat egin dezala, gizarte-agenteen parte-hartzearekin elkarlanean, soldata-aldea deuseztatzeko. Eukene Arana legebiltzarkideak gogora ekarri du errealitate horrek zer dakarren: “batez beste 7.500 euro gutxiago emakume baten poltsikoan, emakume izateagatik bakarrik”. Aranak ekimena defendatuz jarraitu du aurrera, eta euskal enplegu-estrategia “nabarmen hobetu” litekeela adierazi du, aukera-berdintasunerako jarraibideei dagokienez. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari, “eduki eta konpromiso zehatzak” eskatu dizkio. Halaber, Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrari eskatu dio gobernu zentralari eska diezaiola Unidos Podemosek, Islandiaren, Alemaniaren eta beste estatu batzuen ildo beretik, Kongresuan aurkeztu zuen emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko Lege Proposamenaren tramitea azkartzeko. Azkenean, Elkarrekin Podemosek gainerako taldeen babesa lortu du, eta ostegunean Gasteizko ganberak testu bat onartu du Iñigo Urkulluren exekutiboari gehienez sei hilabeteko epean ildo horretan lanean has dadila eskatzeko. Horrez gain, gaurko Osoko bilkuran Elkarrekin Podemosek “gardentasun eta zorroztasun handiagoa” eskatu du Eusko Jaurlaritzaren arrisku-kapitaleko funtsei dagokienez, “SPRIk opakotasunez, bidegabe eta eraginik gabe” gehiago kudea ez ditzan. Legebiltzarkide eta Equoko kide José Ramón Becerrak adierazi duenez, bere taldea kezkatuta dago gobernuak euskal enpresak sustraitzea bermatzeko funts berri bat iragarri berri duela ikusirik: “beste ezer baino lehenago, lehendik dauden funtsak nola funtzionatzen ari diren aztertu behar da, gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko kudeaketa-prozesu osoan, enpresa onuradunak hautatzen direnetik partizipazioak erosi edo saldu arte”. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza CAF enpresan inplikatu izana kritikatu du, “enpresa hori Euskadin ongi sustraitua dagoelako eta ez duelako zertan premia larririk gainditu”.Becerrarentzat mugimendu hori ulertezina da, eta horregatik espero du Tapia sailburuak datorren asteartean azalpenak ematea, Elkarrekin Podemosek eskaturik erabaki hori azaltzeko egingo duen agerraldian.