Juan Luis Uria legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, une honetan “360 gripe-kasu dauzkagu 100.000 biztanleko, eta 300 pazientetik gora Osakidetzako ospitaleetan”, eta erantzuna aurreko urteetan emandakoaren antzekoa izan delako kexatu da: “ospitaleetako larrialdiak saturatua daude neurri handi batean, eta Etengabeko Arretako Guneetan eskainitako arreta eskasa dela ikusten dugu”. Uriaren ustez, “aurten ere agerian geratu dira epidemia horren kudeaketa eta kontrolean aurreko urteetan egin ziren okerrak”.
Ahal Dugu Euskadik, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatzen duten koalizioak salatu duenez, Osakidetzak “oso langile gutxi” kontratatu ditu zerbitzua indartzeko, “bai Lehen Mailako Arretan, abenduaren amaieran epidemia hasi zen unean, bai larrialdietan”.
Gauzak horrela, aditzera eman duenez, “paziente-fluxuaren gorakadak —% 43 kontsulta gehiago— tirabirak eragiten ditu asistentzian, giza baliabide nahikorik ez dagoelako”.
Uriak nabarmendu du, halaber, Gabonetako egunetan egoera areagotu egin zela, zenbait Osasun Zentrok arratsaldeko bostetan itxi zutelako, “aurreikuspen- eta antolamendu-gabeziaren erakusgarri argia”. Horregatik, legebiltzar-Taldeak eskatuko du Darpón sailburua Osasun Batzordean agertzea, azken oporraldian osasun-zentroetarako agindutako ordutegi-murrizketaren inguruko azalpenak eman ditzan.
Elkarrekin Podemosek Osasun Sailari eskatzen dio “ziklikoki zer gertatzen den kontuan har dezala, kolapso gehiagorik ez izateko”, eta prebentzio-neurrien plan bat abian jar dezala, besteak beste: plantillak indartuz, “zerbitzuak bizkortzeko”; osasunerako hezkuntza-kanpaina publikoak antolatuz, epidemiaren zabalkundea saihesteko jardunbideak barne; Lehen Mailako Arreta sendotuz; eta osasun-egitura guztien arteko “koordinazioa hobetuz”.