Irabazi Barakaldok Sefanitroko “prozesu parte-hartzailea” azaltzeko eskatu dio EAJri

Irabazi Barakaldok galdera sorta egin dio Udalbatzari Lutxanako auzoan Sefanitroko faktoria zegoen lurzoruaren etorkizuna definituko duen prozesu “parte-hartzailea” argitzeko.

Ezker Anitza-IU, EQUO-Berdeak eta Independenteez osatutako koalizioaren bozeramaileak adierazi duenez, EAJk ez die udal taldeei horren inguruko inolako informaziorik eman. Eder Alvarezek prozesua abian jartzea “positiboa” dela dio. Hala ere, “informazioa eta gardentasuna” eskatu dio EAJri horren inguruan. Alvarezek gogorarazi du Irabazik Burtzeña, Llano eta Zubileta auzoentzako antzeko prozesuak eskatu dituela azkeneko bi urteetan, aurrekontuei egindako zuzenketen bitartez.

“Prozesu horren helburua ezagutu nahi dugu, nortzuk dauden horretara deituta, ea loteslea den eta ea soilik Sefanitroko lurzoruei dagokion”, azaldu du Alvarezek. Irabaziko bozeramailearen ustez, “Lutxanaren etorkizunaren inguruan hausnarketa sakona egin behar da eta orain une egokia izan daiteke”, gaineratu du Irabaziko bozeramaileak.