Elkarrekin Podemosek eskatzen du “Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoaren kaltetan mantentzen dituen” esternazionalizazioak bertan behera utzi behar direla

Ostiral honetako Eusko Jaurlaritzaren Kontroleko Osoko Bilkuran, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Ezker Anitza-IUko kide Jon Hernándezek gobernuari interpelatu dio Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzu-esternazionalizazioen inguruan. Hernándezek adierazi du haren taldea kezkatuta dagoela “esternalizatzeko joera” ikusirik, eta gogora ekarri du sindikatuek gai hori Administrazioaren Mahai Orokorrera eraman zutela. Zentralen eskaerari esker, 2010ean gobernuak dekretuz erabaki zuen joera hori gerarazi eta iraultzea. Alabaina, Hernándezek salatu duenez, “orduko hartan konpromiso hori hartu bazuen ere, eta bidenabar esango dut aukera bazutela konpromisoa zerbitzu publiko guztietara zabaltzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat eremu esternalizatzen jarraitzen du, besteak beste garbiketa, segurtasuna, informatika-zerbitzuak, anbulantziak, estatistikak eta lan-orientazioa”. Elkarrekin Podemoseko ordezkariak erantsi duenez, “zehazki akordio hau ez betetzeak erakusten du gobernuak ez duela borondaterik administrazio autosufiziente eta eraginkor bat kudeatzeko”. Horregatik, bere interpelazioan, legebiltzar-taldeko ordezkariak eskatu du “sektore publikoaren berezkoak diren zereginetan kudeaketa pribatua bertan behera uzteko, emakida publiko, kontratu eta kontzertuen bitartez”. Hernándezek Erkorekari leporatu dio zuzenean “administrazio paralelo moduko bat mantentzen ari direla, zerbitzu publikoa argaldu eta mozkin pribatuei mesede egiteko, enplegu publikoaren prekarizazioaren kontura”. Eta bukatzeko Gobernantza Publikoaren titularrari gogora ekarri dio “esternalizazioen bitartez ez dela dirurik aurrezten; aitzitik, kontratu horien BEZa langileen baldintzak hobetzeko lagungarri izan liteke”.