Elkarrekin Podemosek arlo sozialean eta enpleguan kontzentratu ditu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei egin dizkion kritikak

Eusko Jaurlaritzak 2018rako aurkeztutako aurrekontu-proiektuari aurkeztu dion osoko zuzenketa defendatu du gaur, astelehena, Elkarrekin Podemosek. Osoko Bilkurako debatean, legebiltzar-taldeko bozeramaile Lander Martinezek bere atsekabea agertu du “gure herritarrek, gehienbat progresistak izanik, argi eta garbi antisozialak diren aurrekontu batzuk izango dituztelako”. Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendu zaio Martínez eta galdetu dio ea “norentzat diren onak kontu hauek” eta “zergatik esaten du hain harro aurrekonturik handiena duela hezkuntza eta osasun publikoak ez badira lehentasun, ezta berdintasuna eta gizarte-politikak ere”. Horri dagokionez, adibide bezala jarri du “PPren aurrekontu hauetan Opus Deiren ikastetxeak diruz laguntzeko bideratuko den hamahiru miloi euroko zenbatekoa, ikastetxe horietan ikasleek sexuaren arabera bereizita daudelarik, eta 2018 honetan hezkuntza publikoan egingo den inbertsioa, aldiz, 2011koa baino txikiagoa izango da”. Era berean, “harridura” agertu du kontuek aurrekontu totalaren % 0,11 “zikoitz” bat biltzen dutelako berdintasunerako. Bere mintzaldian, Podemosek, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatzen duten taldearen ordezkariak “beste datu argigarri bat” ekarri du Enplegu eta Lan Sailei dagokienez, “hazkunde txikiena dutenak baitira, % 0,7 eta % 0,4, hurrenez hurren”. Bitartean, Martínezek gehitu duenez, “estualdian dauden enpresen kasu ugariek agerian uzten dute gobernu honen industria-politika zentzugabekeria dela”. Azkenik, koalizioaren ordezkariak azpimarratu duenez, “beste aurrekontu batzuk aurkezteaz gain, beste zerga-erreforma bat ere itundu zitekeen indar progresista eta gizarte-eragile guztiekin batera”. Gauzak horrela, Martínezek adierazi du Elkarrekin Podemosek “ez duela etsiko”, eta gogorarazi duenez, “aste honetan bertan, ganbera honetan, zerga-agenda alternatibo bat planteatuko da PPren zerga-beherapenak aurrera jarrai ez dezan”. Ildo horretan, Martínezek PSEri eskatu dio “bat egin dezala gehiengo sozial progresistarekin eta utzi ditzala behingoz zenbait gobernutan dituen ardurak, lekuz kanpo baitago erakunde horietan”.