Irabazi Barakaldok EAJk aurrekontuen inguruko galdeketa “manipulatu” duela salatu du

Irabazi Barakaldok aurrekontu “parte hartzaileen” herritar proposamenak gobernu taldeko erabakiak “zuritzeko” erabiltzen dituela salatu du. “Ustezko aurrekontu parte hartzaile hauen aitzakia erabilita, EAJk herritarren ekarpenak manipulatzen ditu gobernu taldearen erabakiak legitimatzeko”, dio Irabazik.

Ezker Anitza-IU, EQUO-Berdeak eta Independenteez osatutako koalizioaren bozeramailea den Eder Alvarezek bere “haserrea” adierazi du astearte honetan egindako prentsaurrekoan, “behin eta berriz” gobernu taldeak erabiltzen duen “estrategia” ikusita. “EAJk diru publikoa erabiltzen du Barakaldoko herritarrak etengabe engainatzeko”, adierazi du Alvarezek, “bere iradokizunez baliatzen da legegintzaldi proiekturik ez duela ezkutatzeko”.

Alvarezek salaketa hau egiaztatzen duten hainbat froga mahai gainean jarri du, “iazko prozesuaren ondorioetan oinarrituta”:

  1. Aukeratutako proiektuak prozesua egin aurretik onartutakoak izan dira. Honen adibide da, etxerik gabeko pertsonen aterpea. 2016ko urrian iragarri zuten, “ustezko” herritar-galdeketa martxan jarri aurretik.
  2. Lehenengo fasean baztertutako proiektuak sartzea. Skateparkaren konponketa zerbitzu teknikoek kanpoan utzi zuten “bideraezina” zelakoan eta Ansioko futbol zelaian harmaila jartzea baztertu zuten aurrekontuen %35a gainditzen zuelako. Geroxeago, zorionez, bi proiektuak aurrera eramatea erabaki zuten.
  3. Herritarrek proposatu ez dituzten proiektuak sartzea. Lutxana, Errekaortu eta Megaparkeko pertsona nagusientzako gailuak ez dira inondik inora agertzen onartutako proposamenean. Gobernu taldeak kirol-instalazioen atalean egindako iradokizunetan daudela dio. Era berean, onartutako beste proposamenak kajoian gordeta jarraitzen dute.

Alvarezek azpimarratu du, Irabazik parte hartzearen inguruko gaietan “positibotasunaren aldeko esfortzua” egiten ari dela eta gobernu taldearekin bildu dela behin baino gehiagotan “herri partaidetzaren inguruko araudia aldatzearren, jarrera amankomunak bilatzeko”.

“Gaur bertan, Gorka Zubiaurre Alkatetza eta Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotziak gure proposamena onartu duela esan digu. Ondorioz, batzorde berezia eratuko da Barakaldoko herri partaidetzaren egitura eraberritzeko”, igorri du Alvarezek. “Agerikoa da legegintzaldi honetan ez dela benetako aurrekontu parte hartzailerik egongo, baina 2019an  martxan jartzeko beharrezko egitura osatzeko lanean jarraituko dugu”.

Udal aldizkariaren erabilera alderdikoia

Alvarezek, Info Barakaldo udal aldizkariaren erabilera kritikatu du. “Azaroan egindako argitalpenak talde guztien iritzia kanpoan uzten du eta salatutako prozesu parte hartzaileaz hitz egiten du soilik. Orain arte, EAJk proposatzen zuen gai baten inguruan testu txiki bat sartzeko aukera genuen, propaganda alderdikoi guzti horren erdian. Hilabete honetan aukera hori ere kendu digute”, salatu du Irabaziko bozeramaileak.

Zentzu honetan, Alvarezek Irabazik hedabide honetan parte hartzeari uko egin diola iragarri du. “Denbora daramagu honen inguruan eztabaidatzen eta aldizkari honetan berriro ere parte hartzeari uko egin diogu”. “Udalak 50.000 euro baino gehiago bideratzen du eta diru-eralgiketa itzela izateaz gain ez du udal aniztasuna islatzen”, gaineratu du.