Lehenengo proposamenaren bidez, Bilbon Trantsizio Energetikoko Mahai bat sortzea eskatuko du koalizioak. Honen funtsezko helburua eredu energetikoaren aldaketa lortzeko ahaleginak batzea da; klima-aldaketaren eta desparekotasun sozial larrien eragile den egungo eredu zentralizatu, kutsatzaile eta arriskutsutik eredu energetiko jasangarri, zuzen, berriztagarri, demokratiko eta enplegu-sortzaile batera igarotzea.
Bigarrenarekin Bilboko Udalaren gardentasuna hobetzea bilatzen dute UdalBerritik. Osoko bilkurak hartutako erabakien aurka jarritako errekurtsoen inguruko informazio eguneratua izan behar dugula uste dute. Beraz, proposamenaren helburua oposizioko alderdiek aldi oroz osoko bilkurak hartutako erabakien aurka jarritako errekurtsoen eta ebazpenen, irmoak ez izan arren, informazioa izatea da. “Gure ustez aipatutako ebazpenak Udalaren Gardentasun Atarian argitaratzea ez da nahikoa”, adierazi du Carmen Muñoz-ek, UdalBerriren bozeramaileak.
Bestalde, etxerik ez duten pertsonei erroldatzeko aukera bermatzea eskatuko dute. Bilboko kasuan, Udalaren datuen arabera, gauero 100 bat lagun kutxazain, izkina eta espaloietan lo egiten dute. Amaia Arenal zinegotziak gogoratu duenez “udal-errolda ohiko bizitoki eta helbidea frogatzeko erabiltzen dela, baina ez hori bakarrik, izan ere, praktikan, funtsezko elementu bihurtzen dela Euskadin dauden zerbitzu publikoak lortzeko. Horregatik UdalBerritik salatzen dugu etxerik gabeko pertsonek babes-faktore gutxiago dituztela eta zailtasun gehiago dituztela oinarrizko eskubideak eskuratzeko orduan”.
EH Bildu eta GGB-rekin batera beste bi proposamen aurkeztuko ditu UdalBerrik
Alde batetik kartel, pankarta eta banderatxoak kentzeko prozedura berraztertu eta eguneratzea eskatuko diote Udal Gobernuari. Gaur egun suhiltzaile kidegoari agintzen zaio kasu horietan objektuak kentzeko, baina orain dela 15 urte indarrean dagoen funtzio-liburuak ez ditu suhiltzaileak aipatzen, eta beraz zehazki zer kasutan jardun behar duten ere ez zu zehazten; horrek interpretazio anbiguoetarako atea irekitzen du, eta, horren ondorioz, askotan behar-beharrezkoa ez denean ere jasotzen du kidego horrek jarduteko agindua. Horregatik uste dute protokolo bat egin beharko litzatekeela langileen ordezkariekin adostuta, Suhiltzaileek zer kasutan jardun behar duten zehazteko.
Bestetik, Bilboko barrutien maparen aldaketa aztertzeko proposamena eramango dute osoko bilkurara. Hiriko berrogei auzoetan aldaketak eman dira demografia, gizarte eta hirigintza mailan. Egoera horrek aldaketak eragin ditu gaur egun dauden 8 barrutietan. Izan ere, azken urteetan auzo eta urbanizazio berriak sortu dira. Hori dela eta, uste dute beharrizan eta jomuga berriei hobeto erantzungo zaizkiela demarkazio berri batekin.