Elkarrekin Podemosek “borrokatu egingo du” indarkeria matxistari ​aurre ​egiteko ​aurrekontu ​“duin” ​batzuen ​alde

Eusko Jaurlaritzaren hurrengo ekitaldirako aurrekontu-proiektua jakiteko egun gutxi batzuk falta direnean, Elkarrekin Podemosek Lehendakariari interpelatu dio indarkeria matxistari “eraginkortasunez” aurre egiteko gobernuak dauzkan planen inguruan, kontuan hartuta gai horretan “Gobernu programa, indarreko aurrekontuak eta gaiari ematen zaion tratamendua –hobe esanda, ez-tratamendua– ​penagarriak ​direla”.

Ostiral honetako Kontrolerako Bilkuran, Eukene Arana legebiltzarkideak Lehendakariari gogora ekarri dio Eusko Jaurlaritzak une honetan berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistei aurre egiteko egiten duen inbertsioa “anekdotikoa” ​dela.

Ildo horretan, Elkarrekin Podemoseko ordezkariak honako hau ohartarazi dio Iñigo Urkulluri: “gure taldeak ez ditu onartuko egiturazko arazo horren aurkako borrokarako hain partida pobrea, aurrekontu osoaren % 0.05, aurreikusten duten ​kontu ​batzuk”.

Tribunatik, Ahal Dugu Euskadi, Ezker Anitza-IU eta Equo osatzen duten koalizioko ordezkariak gure inguruneko azken “feminizidioen” biktimak aipatu ditu: “Noelia Noemí, Sestaon eraila; Ana Belén, Lantaronen bizi zena eta Miranda de Ebron erail zutena; Rakel eta haren 12 urteko semea, Alcobendasen eraildako eibartarrak; Paolak Bilbotik ihes egin zuen jaioterrira, eta bikotekide ohia Bilbotik abiatu ​zen ​hura ​erailtzera”.

Lehendakariaren erantzuna entzun ondoren, Aranak, erantzuteko eskubidea betez, “harri eta zur” geratu dela adierazi du, Iñigo Urkulluren diskurtso “arduragabe eta hutsalaren” aurrean. Berriz ere irmoki azaldu duenez, Osok Bilkuran egindako interpelazio hori etorri da, “hain zuzen”, “gizartearen etsipenaren ​eta ​gure ​erakundeen ​erantzunik ​ezaren” ​ondorioz.