Turismo jasangarria, bisitaldi gidatuen erregulazioa, trasnsexualen aldagelak hautazeko eskubidea eta animalien ongizaterako maha defendatuko du koalizioak.
Hilabete honetan, Ahal Duguk, ezker Anitzak eta Equok osatzen dugun udal-koalizioak 4 proposamen propio eta baterako beste bat aurkeztuko ditugu Bilbo, turistentzat, baina batez ere Hiribilduan urte osoan bizi garenontzat, erakargarriago egiteko asmoarekin.
Joan den udan turismoaren gaia maiz ikusi dugu prentsaren izenburuetan, baina lehenagotik ere gure eremu politikotik lanean ari ginen sektorearen gaur egungo ereduari alternatibak eskaintzeko. Turismo-eredu jasangarri bat defendatu behar dela uste dugu, orekaz haziko dena Estatuko beste hiri batzuetan nabari diren arazoak saihesteko.
Horregatik uste dugu badela garaia Bilbora bisitan datozkigun turistentzako tasa moduko bat sortzen hasteko, besteak beste Frantzian, Danimarkan eta Austrian egiten duten bezala. Funtsezkoa da udal-zerga izatea, zerga lokala alegia, jarraian Udalak zerbitzuak eta eredu jasangarria zabaltzeko eta hobetzeko soilik erabil dezan. Tasa bat kobratu behar zaie turistei, hiritik igarotzean sorrarazten dituzten gastu publikoak finantzatzen laguntzeko eta aberastasun hori, hiriari modu pluralagoan itzuliz, hobeto banatu ahal izateko.
Gure hirira datozen turisten gorakadaren ondorioz, halaber, Free Tours izenekoak sortu dira, profesionalak ez diren pertsonek preziorik ezarri gabe eta indarreko legeriatik kanpo gidatutako bisitaldiak. Gure ustez jardunbide horrek kalte egin diezaioke Bilbao Turismoren bisitaldi gidatuen eskaintzari, eta kezkagarria iruditzen zaigu sektore horretan lan-prekarietateak eta langabeziak ere gora egitea eragin lezakeela. Horregatik eskatzen dugu bisitaldi horiek egiteko eskumenak erregularizatzea administrazioak ofizialki onetsitako profesionalentzat, horrela hainbat neurri hartuko liratekeelako sektore horretan lan-prekarietatea murrizteko.
Gure lana pertsonen bizitza hobetzeko lagungarri izatea nahi dugu, eta, horregatik erakundeek zenbait ekimen xume abian jartzea laguntza handikoa izan daitekeela iruditzen zaigu. Udalean ordezkaritza duten beste alderdi batzuetako kideak Hazte Oír erakundearen bus transfoboa txalotzera joan dira, Bilbora “Podemos y su Ley Mordaza LGTBI ¡van a por tus hijos” leloa daraman errotulu eta guzti iritsi berri den busari babesa ematera alegia. Guk, aldiz, proposamen bat eramango dugu osoko bilkurara transexualek eta transgeneroek Bilboko udal-instalazioen barruan komunak eta aldagelak hautatzeko aukera izan dezatela eskatzeko. Besteak beste, Bilbao Kirolak erakundearen, Azkuna Zentroa udal-sozietatearen eta Barrutiko Udal Zentroen instalazioetan.
Guztiontzat hobea izango den hiri bat egiteko helburu horren barruan animalientzako tokia ere egin nahi dugu. Ildo horretan, animalien ongizaterako mahai bat sortu beharra defendatuko dugu, Bilbo gurekin partekatzen duten gainerako bizidunekin zerikusia duten toki-politikei buruz eztabaidatzeko eta politika horiek adosteko. Udaleko, udal-taldeetako, Bizkaiko Albaitarien Elkargo Ofizialeko, animaliak babesteko elkarteetako eta lagundu nahi duten kolektibo animalistetako ordezkariek mahai horretan parte hartu beharko luketela uste dugu.
Azkenik, hilabete honetan EH Bildurekin eta Ganemos Goazen Bilbaorekin batera gure hiriaren bide demokratikoak hobetzeko aurkeztu nahi dugun proposamena jakinarazi nahi dugu. Hiru taldeok parte hartzeko prozesu plurala eta loteslea hasteko eskatuko dugu, Basurtu auzoko herritarrei hitza emateko “Inflamables” eraikinaren erabilera hautatzeko aukera izan dezaten. 5.500 metro karratutik gora dauzka eraikinak, eta horietatik 700 pasatxo polizia-etxea jartzeko erabiliko dira. Gainerako espazioan, Udal Gobernuak jakinarazi duenez, Auzo Factory bat eta auzoarentzako beste hainbat ekipamendu jarriko lirateke, baina horiek guztiak zehaztu gabe daude oraindik ere.
Aldi berean, Basurtu Auzo Elkarteak proiektu bat landu du, eta udal-talde guztiei aurkeztu digu. Proiektu horrek eraikina kultura-jarduerak egiteko eta auzoak gaur egun duen aisia-eskaintza eta astialdi-eskaintza aberastuko duten programak garatzeko gune gisa gaitu nahi du. Orain herritarrei hitza emateko unea dela uste dugu, herritarrek erabaki dezaten gune publiko hori azkenean zertarako erabili behar den.