Ezker Anitza-IU: “gure autogobernu proposamena prozesu eratzaile batean oinarritutako iraultza demokratikoan datza”

Ezker Anitza-IUk Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan aurkeztu du bere autogobernu proposamena Legebiltzarreko batzorde txostengilea dela eta. Aurkezpenean, Koordinatzaile Orokorra den Isabel Saludek, Ezker Anitza-IUko legebiltzarkidea den Jon Hernandezek eta UdalBerri koalizioko Ezker Anitza-IUko zinegotzia den Amaia Arenalek parte hartu dute.

MARKO POLITIKO BERRIA

78ko erregimena “agortua” dagoela dio Isabel Saludek. “Ez ditu aberastasunaren banaketaren bitartez desberdintasun sozialak murrizteko helburua duten izaera sozialeko printzipioak errespetatzen, etxebizitza-eskubidea edo lan-eskubidea kasurako, ez du ekonomia interes orokorraren mesedetara jartzen eta ezta Estatu Espainolaren errealitate plurinazionala aitortzen”, adierazi du Koordinatzaile Orokorrak. “Gernikako Estatutua berdintasunezko gizarte bidezko baten alde aurrera pausoak emateko nahikoa ez dela agerian geratu da, Estatu mailan autogobernu maila handia duen arren”, gaineratu du.

Honengatik guztiagatik, Ezker Anitza-IUk “Errepublika plurinazionala, federala eta solidarioa aldarrikatzen du, bertan Euskadik, nazio bat den heinean -anitza eta askotarikoa-, bere lekua izan behar luke, betiere borondatezko harremanean oinarrituta”.Saludek adierazi duen bezala, “Errepublika federal honek eskubide nazionalak babestu beharko lituzke, lan-eskubideak, eskubide sozialak eta politikoak bermatzen duen bitartean”. Horrez gain, Errepublikak gehiengo soziala den langilegoaren mesedeetara egon beharko luke eta nazioaren ikuspegi ezberdinak zein nortasun ezberdinak dituzten pertsonen arteko elkar bizikidetza ahalbidetu, betiere herrien eta herritarren borondatezko harremanetan oinarritua.

“Hau guztia lortzeko prozesu eratzaile batean oinarritutako iraultza demokratikoa beharrezkoa da”, adierazi du Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak.

Ezker Anitza-IUko legebiltzarkidea den Jon Hernandezek dioenez, “Euskadiko Estatutu politiko berriak eskubide politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak bermatu behar ditu”. “Euskadi nazio bat dela uste dugu, non boterea bere herritarrengan datzan”, gaineratu du.

Ezker Anitza-IUren aburuz, marko berri honetan euskal erakundeek herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak bermatu beharko lituzkete, bizi eta lan baldintzak hobetzeko politikak bulzatu eta enplegu osoa eta bidezko garapen ekonomiko jasangarria lortzeko neurriak hartu.

Errentaren birbanaketak lehentasuna izango luke eta baita pertsona guztiek osasun zerbitzu publiko eta kalitatezko hezkuntza sisteman sartzeko aukera bermatuta. Zentzu honetan, dio Hernandezek, “herritarrei errenta bat bermatzearen aldeko apustua egiten dugu, gizarte-ongizate orok izan beharko lukeen justizia eta solidaritatearen oinarrizko erreminta gisa”.

Euskal erakundeek, Ezker Anitza-IUren proposamenaren arabera, ekonomiaren sektore estrategikoak kontrolatu beharko lituzkete. Horrez gain, osasun, hezkuntza, etxebizitza eta lan duina eskubide subjektiboak aitortuko lituzkete eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko neurriak hartu, nortasun sexualaren araberako inolako diskriminaziorik egin gabe.

Hau guztia posiblea izateko, “bere forma eta titulartasuna edozein dela ere, Euskadiko aberastasuna interes publikoren mesedetara egoteko bideratu behar da bizitza ekonomiko eta soziala”. Jarduera ekonomikoan ekimen publikoa aitortu beharko luke estatus berri honek, eta baita merkatuaren kontrol eta erregulazioa ere, gizartearen ongizatera bideratutako ekonomia sozialean oinarrituta.

AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEA

“Eskubide honi dagokionean, ezin dugu indarrean dagoen Autonomi Estatutuaren erreforma egin 1978ko eredu konstituzionala aldatu gabe, aurretiaz badakigulako mugak aurkituko ditugulako. Muga hauen aurrean, Euskadiko estatus politikoaren norabide bakarreko aldaketak ez luke irtenbiderik izango”, azpimarratu du Hernandezek.

Honenbestez, autodeterminazio eskubidea ahalbidetzeko bide legalak, alde bikoak eta adostuak finkatzen dituen Legea eratzea proposatzen dugu, euskal alderdien arteko ituna dela medio, herriak eskatzen duen aukera politiko ezberdinak kontuan hartzen dituen kontsulta baten bitartez: federalismoa, estatu independentea edo autonomia”. “Kontsulta batez ari gara, zuzenbide-subjektua eta galdera argi uzten duena, aukera guztiak bermatzen dituena eta ebazpena onartua izateko gehiengo kualifikatua ezartzen duena”, adierazi du Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak.