Elkarrekin Podemosek euskal unibertsitate publiko “sendo​ ​eta​ ​inklusiboa”​ ​aldarrikatzen​ ​du

Elkarrekin Podemosen ordezkaritza bat bertaratu da UPV-EHUko ikasturtea irekitzeko​ ​ekitaldira.

Gaur, osteguna, Jon Hernández, Iñigo Martínez eta Cristina Macazaga legebiltzarkideek parte hartu dute UPV-EHUko 2017-2018 ikasturtea irekitzeko ekitaldian, Gipuzkoako Campusean.

Astelehenean legebiltzar-taldea Arrasateko Unibertsitateak ikasturtea irekitzeko antolatutako ekitaldian ere egon zen, eta Deustuko Unibertsitateko ekitaldira ere bertaratuko da, baina nolanahi ere, gaur, osteguna, Macazagak, Hernándezek eta Martínezek adierazi nahi izan dute euskal unibertsitate publikoa indartu eta hobetzeko “konpromiso irmoa” hartu dutela. Aditzera eman dutenez, horretarako beharrezkoa da “ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak unibertsitate- eta zientzia-politiken erdigunean jartzea”.

“Jakintza sortzea eta transmititzea funtsezkoa da gizarte baten hazkunde ekonomiko eta garapen politiko eta sozialarentzat”, eta premia horretatik abiatuta, Elkarrekin Podemosek “guztiok ordaintzeko moduko unibertsitate-tasak” aldarrikatzen ditu, tasak horiek murriztuz eta Eusko Jaurlaritzaren beka kopurua handituz, “arrazoi sozioekonomikoengatik inor ere kanpo gera ez dadin”.

Halaber, Elkarrekin Podemosen iritziz funtsezkoa da “irakasle eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen prekarietatea desagerraraztea, eta aldi baterako kontratuak lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtzea”.

Ikerketaren alorrean, “euskal unibertsitateetako ikertzaileek gidatutako proiektuei eman behar zaie lehentasuna”.

Euskal unibertsitateen ikasturte-hasiera irekitzen ari dela aprobetxatuz, eta, aurreikuspenen arabera, unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzan ikasturtearen hasieran hainbat mobilizazio eta greba izango direla kontuan hartuta, Podemos-Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatutako taldeak berriz ere azpimarratu nahi izan du “benetan kalitatezkoa den euskal hezkuntza publiko eta inklusibo baten aldeko apustu garbia” egiten dutela. Koalizioaren ordezkarien arabera, “irakaskuntzako zenbait sindikatuk bultzatutako mobilizazio uholde berriak argi eta garbi uzten du euskal hezkuntza-komunitatearen zati handi batek premiazko aldaketak eskatzen dituela Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-politiketan”, eta horregatik Elkarrekin Podemosek Gasteizko gobernuari beste behin eskatu dio “lehenbailehen jardun dezan Euskadin hezkuntza publikoa suspertzeko aurrerabidean”.