Ezker Anitza-IUk euskal industriaren krisialdiaren konponbidea interbentzio publikoan datzala dio

Ezker Anitza-IUk kurtso politiko honetan landuko dituen lau ardatz nagusiak aurkeztu ditu ostiral honetan Bilbon. Aurkezpenean Koordinatzaile Orokorrak, Isabel Saludek, eta Antolakuntza Idazkariak, Iñigo Martinezek, alderdiak datozen hilabeteetan sozialismoa, feminismoa, ekologia eta errepublika oinarrian izango dituela adierazi dute.

“Sozialismoa pertsonen bizitza hobetzeko eguneroko borrokak biltzen dituen edukinontzia da, era zehatzago batean, lan-prekarietatearen kontrako eta langileen eskubideen aldeko borroka ekartzen du”, esan du Saludek. “Euskal industriaren krisialdiaren konponbidea interbentzio publikotik etorri behar da”, gaineratu du Koordinatzaile Orokorrak, “aukera bakarra da Euskadin La Naval bezalako enpresa handien egoera ikusita”. “Ezin gara krisian dauden enpresa zehatz batzuen arazo konkretuei irtenbidea ematera mugatu, industria euskal ekonomiaren eragile nagusia izaten jarraitzeko herri-estrategia planifikatua eratzea beharrezkoa ikusten dugu”, gaineratu du Saludek.

Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak dioenez, datozen egunetan ordezkaritza duten udaletxetan lan-prekarietatearen kontrako planak eta prekarietatearen behatokiak egiteko eta konkurtso publikoen klausulak hobetzeko mozioak aurkeztuko dituzte.

Datorren irailaren 24an Ezker Anitza-IUko organo iraunkorrak Euskadiko Koordinakundeari autogobernu proposamena aurkeztuko dio, honek onartu dezan. Onartutako ebazpena, Elkarrekin Podemoseko beste alderdiei aurkeztuko dio Ezker Anitzak koalizioan proposamen bateratua adosteko. “Estatu Federal eta Errepublikarrean oinarritutako proposamena izango da, erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua egiten duena. Euskadirako autogobernu maila handiagoa aldarrikatzen dugu, autogobernua euskaldunen bizi-kalitatea hobetzeko tresna den heinean, eskubide sozialak bermatzen dituena, publikotasuna ekonomian pisu handia bermatuz transbertsalizazio feminista oinarrian duena, hain zuzen”, azpimarratu du Saludek.

Ardatz feministarekin jarraituz, alderdiak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen dituzten ekimen eta kolektiboak bultzatuko ditu, gaur bertan Hondarribian desfilatu berri duen Jaizkibel Konpainia, adibidez. Salud gogor eta tinko agertu da  indarkeria matxistaren gaiaren aurrean. “Beharrezkoa da indarkeria gehiago eragiten duen patriarkatuarekin amaitzea eta horretarako ezinbestekoa da politika feministak bultzatzeko partida nahikoak bideratzea”, azpimarratu du.

Antolakuntza Idazkaria den Iñigo Martinezek dioenez, “Euskadi zuzenago baten eraikitzeko edozein proposamen alternatibo ekologiaren ikuspegitik pasa behar da nahi eta nahi ez”, Ezker Anitza-IUk landuko duen laugarren ardatz nagusia, alegia. Martinezek alderdiak Legebiltzarrean zaborren errausketari alternatibak bilatzeko batzorde-txostengilea bultzatuko duela aurreratu du.