Elkarrekin Podemos: “La Navalen egoerak agerian uzten du Eusko​ ​Jaurlaritzaren​ ​ezintasuna”

Legebiltzar-taldeak “Jaurlaritzak estutasunean dauden enpresei egindako jarraipenak​ ​zertarako​ ​balio​ ​duen”​ ​galdetu​ ​du.

Elkarrekin Podemosek zailtasunak dituzten hogeita hamar bat lantegiri buruzko​ ​informazio​ ​xehatua​ ​eskatu​ ​du.
Sestaoko La Naval ontziola hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela egiaztatu ondoren, eta “beste enpresa batzuei buruzko informazio negatiboen jarioa” ikusirik, Elkarrekin Podemosek adierazi du “oso kezkatuta dagoela” euskal industriaren egoerarekin, eta Eusko Jaurlaritzari gauzatzen ari den ekintzei buruzko informazio zehatza eskatu dio.

Elkarrekin Podemosek “ikuskapen horrek zertarako balio duen” galdetu du, “enpresa industrialak lekualdatu edo ixteko edota enplegu-erregulazioko edo azkentzeko espedienteak aurkezteko hainbat iragarpen egin baitira, ia lau mila euskal langile zuzenean eta gure herriko sare ekonomikoaren zati handi bat zeharka eraginpean hartuz”.

Testuinguru horretan, Legebiltzar-taldeak ostegun honetan galdera-sorta bat erregistratu du, idazki bidez erantzuteko, Iñigo Urkulluren gobernuak aste honetan jakinarazi duen krisian dauden 36 enpresari egindako jarraipenari lotuta. Idazkian egiten diren eskarietako batzuk honako hauek dira: enpresa horiek zein diren eta zer sektoretakoak diren, zuzenean edo zeharka eraginpean hartzen dituzten langileen kopurua, akziodunen osaera, eta jasotako laguntza publiko mota. Era berean, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equok osatzen duten taldeak gobernuak dioenez konponketa positiboa izan duten 12 lantegiei buruzko informazioa eskatzen du.

La Navalen kasuan, Elkarrekin Podemosek salatu du Jaurlaritzak “konponbideak bilatzeko konpromisoa hartu zuela eta egin duen gauza bakarra Del Dago enpresaburuak mugimenduren bat egiten ote zuen zain egotea izan dela”. Ildo horretan, koalizioan beldur dira konkurtsoak ez ote duen ekarriko azkenik ontziola “merkealdi-prezioan” saltzea, eta beraz Ezkerraldeko hornitzaileei “jipoi handi bat” ematea, eskualdean izango duen eraginaz gain.