Irabazi Barakaldok 2,3 milioi euro bideratzeko 20 zuzenketa aurkeztu dizkio udal aurrekontuari

Irabazi Barakaldok 2,3 milioi euro bideratzeko 20 zuzenketa aurkeztu dizkio 2017ko udal aurrekontuari. Proposamenen artean, liberatutako kargu publikoen soldata %30 jaistea eta aholkulari eta goi-zuzendaritzako pertsonalarena, aldiz, %20 murriztea. Zuzenketa-bloke honi esker, guztira milioi bat euroko partida Gizarte Ekintza Sailera pasatuko litzateke, gehiengoa gizarte-larrialdietako udal laguntzetara bideratua.

Ezker Anitza-IU, EQUO-Berdeak eta Independenteez osatutako koalizioak energia elektrikoa handizkako merkatuan erostea proposatu du ere. Irabaziren arabera, %5eko aurrezkia izango luke udalak. Diru honekin udal eraikinen autokontsumo elektrikoa ahalbidetzeko Energia Aurrezteko Planak egingo lirateke. Partida horren beste zati bat auzoetako merkataritza-guneak berreskuratzeko bideratuko litzateke, Inguralderen bitartez. Irabazi Barakaldoren bozeramailea den Eder Alvarezek dioenez, “plan honen bitartez, luzaroko langabeen formakuntzarako baliabideak eta erabili gabeko saltokiak alokatzeko laguntzak izango genituzke”. “Honen helburua, elikadura dendak ez diren saltokiei ere aukerak ematea da, artisauei edo artistei adibidez, tokiko saltegiak sustatzeko eta auzoetako merkataritza-guneak indartzeko”, dio Alvarezek.

Ezkerreko koalizioaren proposamenaren arabera 8 lanpostu zuzen sortuko lirateke, mantentze-peoiak eta parte-hartze teknikaria, besteak beste.

Argiteria publikoaren mantentze lanen eta Bezeroarentzako Arreta-Zerbitzuaren (BAZ) birpublifikazioa ahalbidetzeko zuzenketak egin ditu Irabazik. Horrez gain, erakunde publikoen koordinazioaren bitartez, Barakaldotik lan bila alde egin zuten 35 urte baino gutxiagoko gazteek udalerrira bueltatzeko plana egitea proposatu du koalizioak. Azkeneko partida hau, udal aldizkaria kenduz lortuko litzateke.

“Aurkeztutako zuzenketa hauek joera ideologiko nabaria markatzen dute”, dio Alvarezek. “Udal politika egiteko modu ezberdina da, zerbitzu publikoen kudeaketa zuzenaren bitartez, jasangarritasunaren aldeko  apustua eginez, gero eta lan-merkatu pobreagoa duen udalerri honetan merkatu-hobiak bilatuz”, azpimarratu du.