Turismoa Donostian

Turismoaren inguruan hitz egin aurretik, jakitera eman behar da udal gobernuak aitortzen duela turismoak goia jo duela eta, hazkundea bilatu ordez, hiriak turismoaren fenomenoa kudeatu behar duela. Are gehiago, gobernuak onartu egin du udaran hiriaren saturazioa gertatzen ari dela.

Hala ere, hedabideei esker jakin izan dugu hainbat hotel berri irekiko direla gure hirian. Bestalde, begi bistakoa da etxebizitza turistikoen fenomenoak sasoi onez segitzen duela, hiriko eragile batzuk ohartu arren burbuilak eztanda egin duela.

Gure taldeak bi urte daramatza ohartarazten turismoa arazo bilakatzen ari dela hiriko biztanleentzat. Alarmistak izaten ari ginela leporatu ziguten; hala ere, badirudi denborak arrazoia eman digula.

Turismoak hirian eta bertako biztanleengan duen eraginak kezkatzen gaituen arazoa da. Turismoaren eta biztanleen ongizatearen artean oreka mantentzea beharrezkoa da, eta kontuan hartu behar da Donostia, hiri txiki bat izanda, oso sentikorra dela kanpoko eragileen eraginei.

Desoreka hauek nabarmenak dira adibidez turismoak etxebizitzetan duen eraginean: azken urtean etxebizitza alokairuak %17 igo dira Donostian. Igoera horretan hainbat faktorek parte hartzen dute, baina argi dago alokairu turistikoak (2.000 etxebizitza inguru gure hirian) igoera horri lagundu diotela.

Egoera horren aurrean, gure taldeak ezinbestekotzat jotzen du plangintza urbanistikoak ezartzen dituen mugaketak edo zehaztapenak betearaztea. Donostian indarrean dagoen Plan Orokorraren arabera, eraikin baten erabilera tertziarioak lehenengo solairuetara mugatzen dira, oro har. Hala ere, datuen arabera, etxebizitza turistiko guztien %25ak bakarrik betetzen du baldintza hori. Beraz, legea betearazteak, legez kanpo dagoen etxebizitza turistikoen beste %75a iraupen luzeko alokairu merkatura ateratzen lagundu lezake. Horrek onurak ekarriko lituzke bai etxebizitza alokairuen prezioetan, bai eskaintzan. Eta, egunero bi etxegabetze dagoen lurralde batean, ezinbestekoa iruditzen zaigu apustu sendoa egitea etxebizitzaren alde.

Beste neurri onuragarri bat izan daiteke egonaldiei tasa turistiko bat ezartzea; ezaguna da turismoak udalari sorrarazten dizkion gastuak: mugikortasunean, hiriaren garbiketan, segurtasunean, eta abar. Tasa turistikoa modu aproposa izan daiteke aparteko gastu horiek ordaintzen laguntzeko. Hala ere, udal gobernuak begi onez ikusi arren, oraindik ez da martxan jarri.

Azpimarratzekoa da ere turismoak hiriko enpleguaren kalitatean duen eragina. Maiz esaten da turismoak aberastasuna ekartzen diola hiriari. Bai, noski: turismoak aberastasuna ekartzen dio hiriari, baina aberastasun hori era desorekatuan banatzen da bertako biztanleen artean. Ez da sekretu bat turismoaren inguruan sortzen ari den enpleguaren zati handi bat enplegu prekarioa dela, eta horretaz ez da hainbeste hitz egiten.

Turismoaren inguruan hiriak hartu behar duen estrategia dela eta, gobernua jada berandu dabil. Esan esan, momentu honetan hartu beharreko neurriek, batez ere udari begira, turismoa mugatzera jo behar dute, baina horretarako ezinbestekoa da udal gobernuaren konpromiso sendoa, eta, hain zuzen, hori da eskatuko dioguna.

Amaia Martin Garin – Irabazi Donostiako zinegotzia