UdalBerrik Bilboko LGTBI+ kolektiboaren errealitateen diagnostikoa eskatzen du

Koalizioaren iritziz kolektiboak zuzen-zuzenean parte hartu beharko luke, diseinutik hasita, modu aktiboan, aztergai soil izateari utzita

LGBT Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da ekainaren 28an, eta egun horren harira, lesbiana, gay, bisexual, transgenero, queer eta intersexualen oinarrizko eskubideak aldarrikatzen eta erakundeetatik bultzatzen jarraitu behar da oraindik ere. Hori dela eta, UdalBerri-Bilbao en Común udal-taldeak Bizkaiko hiriburuko LGTBQI+ kolektiboaren errealitateen diagnostikoa egiteari buruzko proposamena aurkeztuko du ekaineko Ohiko Osoko Bilkuran.

Podemos, Ezker Anitza, EQUO eta independienteek osatzen duten koalizioaren ustez beharrezkoa da diagnostiko hori egitea inplikatutako gizarte zibilaren parte-hartzearekin eta adostasunarekin, kolektiboaren premiak Bilbon zeintzuk diren identifikatu ahal izateko, betiere hainbat eremutatik begiratuta, hala nola hezkuntzaren, lanaren edo gizartearen eremuetatik, besteak beste.

Diagnostiko hori eginda, nolabaiteko objektibotasunez jakin ahal izango lizatteke Bilbon LGTBQI+ kolektiboari zer nolako zerbitzuak eskaintzen zaizkion antolamenduarekin, elkarteekin eta erakundeekin lotuta. Horretaz gain, diagnostiko horretan bildutako inputak oso lagungarri izan daitezke sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia zeharkako bihurtzeko 2018. urtean egiten hasiko den Udalaren hurrengo Berdintasun Planean.

Carmen Muñoz, UdalBerriko bozeramaileak, gogorarazi du pertsona askok jasaten dutela diskriminazioa eta erasoak beren sexu-nortasuna edo sexu-jardunbideak direla-eta. “Haien ahotsa entzunarazi behar dugu, sexu- eta genero-aniztasuna defendatu behar dugu eta, aldi berean, homofobia eta  transfobia salatu behar ditugu. Gure erantzukizuna da diskriminazio mota guztiei aurre egitea eta benetan librea eta berdintasunezkoa izango den hiri bat lortzen saiatzea”, adierazi du Muñozek.