Ezker Anitza-IUk eta EH Bilduk lehen bilkura egin dute, euren zuzendaritza politikoak berritu ostean

EH Bilduk eta Ezker Anitza-IUk bilera egin dute, gaur arratsaldean, azken honek Bilbon daukan egoitzan. Maddalen Iriarte eta Iker Casanova legebiltzarkideak izan dira EH Bilduren ordezkariak; Ezker Anitza-IUren ordezkariak, aldiz, Isabel Salud, Jon Hernandez eta Haizea Garay izan dira. Euren zuzendaritza politikoak duela gutxi berritu ostean, gaurkoa izan da bi indar politikoek egin duten lehen bilkura.

Egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala aztertzeko baliatu dute gaurko bilera EH Bilduko eta Ezker Anitzako ordezkariek. Pertsona guztiei bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko, behar besteko aldaketa politikoak egiteko beharra adierazi dute bi aldeetako ordezkariek. Zentzu horretan, EH Bilduk eta Ezker Anitzak uste dute beharrezkoa dela zerga erreforma egitea, modu horretara instituzioek behar besteko baliabide izan eta herritar guztiek kalitatezko zerbitzu publikoak izango dituztela bermatu ahal izateko.

Hala, euskal gizarteak behar duen zerga politika eraginkorrena zein izan behar den finkatzeko, eztabaida publikoa ireki behar dela azpimarratu dute. Halaber, bere IX. Asanbladako ondorioak azaltzeko baliatu du bilkura Ezker Anitza-IUk, hala nola, estatu eredua eta elkarbizitzarako proposamena.